
Udalak bi milioi euro bideratuko ditu Auditz Akularreko proiektua idaztera
Hirigintza
Landarro, Molinao eta Auditz Akularren egin beharreko lanak proiektuen idazketarekin hasiko dira.
Mikel goñi
Jorge Letamendia Hirigintza zinegotziak prentsa aurrean aurkezturiko egitasmoen arabera, Udalak Auditz Akular, Landarro eta Molinao inguruetan egin beharreko lanetan 100 milioi euro gastatuko ditu. Letamendiak gune horietarako proiektuen idazketa egiteko lehiaketa publikoa aurkeztu zuen agerraldian . «Udalean eman dudan denboran proiektuetan gastaturiko kopururik handiena da», gaineratu zuen zinegotziak proeiktuen idazketara bideratuko diren bi milioi euroei erreferentzia eginez.
Errepidea, etxeak eta kiroldegia
Auditz Akularren inguruan egingo diren lanek eragina izango dute Altza osoan. Hori dela eta, ostiralean hartu zen erabakiak Las Mercedes eta Txingurrigainaren arteko errepide berriaren proiektua edota zerbitzuen hoditeriak mugitzeko egitasmoaren prestakuntza hartzen ditu bere baitan.
Datorren hilabetean onartuko den Donostiarako Plan Orokor berriak bi mila etxebizitza tasatu aurrikusten ditu Auditz Akularren ingururako. Era berean, Altzako kiroldegia ordezkatuko duen kirol ekipamendu berria egingo da zonalderako egitasmoei jarraituz.
Txomineko lanen egoera
Letamendiak medioen presentzia baliatu zuen Txomin Enea biziberritzearen egoeraren berri emateko. Honen inguruan, Udalak eta Bakalaos Azkuene enpresako ordezkariek konpentsazio ituna sinatu dute. Akordiaren arabera, Bakalaos Azkuenek 882.000 euro jasoko ditu orain auzoan duen eraikinaren truke eta beste milioi erdi bat euro konpentsazio bezala.
Aurreko akordioak Txomin Enean egin beharreko lekualdatzeen hasiera da eta eraikinak botatzen hasteko bidea irekiko du hilabete gutxiren buruan. Beste aldetik, auzoan egin beharreko birmoldaketek 96 familiak etxea aldatzeko beharrean egotea ekarriko dute. Udalak berak eraikiko ditu etxe berriak eta azalera bereko bizitoki bana jasoko du jabe bakoitzak.
Aipaturiko lan guzti horiek aurrera eramateko lan taldea osatu eta kontratatu beharko du Hirigintza sailak, eta hori da, hain zuzen , joan den ostiralean onarturikoa, Txomin Eneko bizilagunen birkokatze eta beharreko desjabetzak aurrera eramateko lan taldea kontratatzeko lehiaketa deialdia egitea.
Osatuko den taldeak bizilagunekin harremanetan egotea eta beraiekin akordietara iritsi beharko du. Bere zereginak izango dira ere bizilagunei laguntza ematea eta auzoan gelditzen diren enpresei alternatibak ematea.
Bestalde, Txomin Enean egingo diren lan guzti horiek aurrera eraman baino lehen funtsezkoa da zubi berria egitea. Letamendiak argitu duenez, pasabidea egiteko proiektua martxan jarri du dagoeneko Hirigintza sailak.
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.