
«Zahar etxea nire etxea bezalakoa da; gustura nabil»
Altza
Casa Nao zahar etxea duela 25 urte zabaldu zuten eta sorreratik ari da bertako ile-apaindegian lanean Mari Carmen Lopez.
raul perez
Altzakoan, beste zenbait zahar etxetan bezala, bada ile-apaindegia. Mari Carmen Lopez da ile-apaintzailea. 18 urte betetzear zela hasi zen lanean, eta tokiz aldatzeko aukera izan badu ere, Altzatik ez da mugitu, oso eroso ikusten baitu bere burua bertan.
Gogoan al duzu nolatan hasi zinen lanean?
Ikasketak bukatutakoan, estetika zentro batean ibili nintzen,eta halako batean zahar etxea zabaldu behar zutela esan zidaten. Asko zor diot Lorenzo Hernaiz-zahar etxeko lehen presidentea¬. 1982ko urrian ireki zuten zahar etxea eta ni hurrengo urteko otsailean hasi nintzen lanean; gogoan dut lehen astean elurra ari zuela eta oso jende gutxi etorri zela. Hala ere, Lorenzok animatu ninduen. Hemen zaildu naiz ile-apaintzaile bezala. Akademian ikasten duzu, baina lanean hastean zailtzen zara. Hasiera gogorra izan zen; ez nueneskarmenturik, ez bezerorik ere, baina orain lana dut egunero.
Espero al zenuen hainbeste urte hemen lanean egotea?
Ezta gutxiagorik ere! Aukerak izan ditut lanez aldatzeko, baina hemen oso gustura nago, nire kaxara; astelehenetan jai hartzen dut, astearteetan gizonezkoei mozten diet ilea eta gainerako egunetan emakumezkoei. Jendeak maite eta errespetatzen nau. Nire etxean bezala ikusten dut nire burua eta erretiroa hartzen dudanerako badut nora etorri kartetan jolastera!.
Esan ohi da ile-apaintzaileek batzuetan psikologo lana egin behar izaten dutela. Hemen ere horrela al da?
Nor bere istorioekin etortzen zaizu, eta horren aurrean aholkurik ematerik baduzu ondo, eta bestela ixildu egiten zara eta kontatzen dizutena entzuten duzu.
Edozein ile-apaindegitakoak bezain zorrotzak al dira zahar etxeko bezeroak?
Denetarik dago. Batzuek exijitzen dizute, eta beste batzuek ez hainbeste. Zenbait bezeroren kasuan zer nahi duten aldez aurretik badakit, hasieratik ezagutzen ditudalako. Gogoratzen dut hemen lanean hasi nintzenean, oso gaztea nintzenez, nolabait esateko nire lekua bilatu edo markatu behar nuen; bezeroek ni errespetatu behar ninduten.
Seme-alabak ere hona etortzen al dira ilea moztera?
15 urteko alaba eta 12 urteko semea ditut. Batzuetan etxean mozten diet ilea eta beste batzuetan hona ekartzen ditut. Zahar etxeko bazkideek ezagutzen dituzte.
Asko aldatu al da ile-apaindegia hasieratik hona?
Tresna batzuk hondatu egin dira eta horiek berritu behar izan ditugu, baina badira hasieratik dagoen gailurik ere, ilea-lehorgailuak esate baterako eta oraindik badabiltza!
Erakusketa
'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.