Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Altza
2008ko abuztuak 28, Osteguna

;2008-05-28;Areto futbol txapelketaren festa, larunbatean. Finalak jokatuko dituzte ; Bar Monchik seigarren txapela nahi du jarraian etaTxurreria Arturo izango du aurkari.

Areto futbol txapelketaren festa, larunbatean

Altza

Finalak jokatuko dituzte ; Bar Monchik seigarren txapela nahi du jarraian etaTxurreria Arturo izango du aurkari.

raul perez

Handia egiten ari da Bar Monchi -Fontaneria Pizarro Altzako Areto Futbol Txapelketan. Bost aldiz irabazi du jarraian txapelketa eta larunbateko final handian ere izango da. Txurreria Arturo izango du aurkari. Seigarren txapela nahi dute Bar Monchikoek eta lehena Txurreria Arturokoek. Iazko finala jokatu zuten bi taldeok. Baita oso partida parekatua jokatu ere. Bar Monchi 2-1 nagusitu zen.

Urrun dago urria. Orduantxe hasi zen txapelketa eta ordutik partida asko jokatu dituzte parte hartu duten 27 taldeek. Hiru multzotan banatu zituzten aurrena, eta multzo bakoitzeko onenek Liga Txapelketa jokatu zuten otsailetik aurrera; eta gainerakoek, Kopa. Aurreko asteetan Liga eta Kopako finalerdiak jokatu zituzten eta larunbatean festa handia izango da Altza Kiroldegiko pistan eta harmailetan.

Kopako finala hasteko

17:30ean Kopako finala jokatuko dute Txotxongilok eta Umore Onak. Ligan ez bezala, Kopan urtetik urtera txapela talde batetik bestera doa. 2005ean Gresi Guevarak irabazi zuen, 2006ean, Irish-Bar El solek eta iaz, Arrizar nagusitu zen.

Kopako finala eta gero, Ligako final handiaren txanda izango da. Ohi bezala, Herri Ametsa ikastolako dantzariek harrera egingo diete jokalariei.

############

Umore ona, kopako finalean

Txotxongilok eta Umore Ona-Eroski Garberak jokatuko dute Kopako finala. Umore Onarentzat lehen finala izango da. 100 urte bete zituen 2006an Groseko Mirakruz kaleko elkarteak eta aspalditik garrantzi handia izan du areto futbolak. Duela hamar bat urte ekin zion Gros eta Egia inguruko lagun koadrila batek federazioak antolatutako txapelketan parte hartzeari, Umore Ona izenarekin. Txapelketa horretan jokatzeari utzi ziotenean erabaki zuten Altzakoan izena ematea, duela zazpi bat urte. Taldea zer edo zer aldatu da urteen joanarekin eta orain Altza inguruko jokalariak ere badituzte.

Aldaketak aldaketa, gogoz gainezka dabiltza. Agustin Atasanof taldekideak, esate baterako, ezkontza du larunbatean, baina ez du finala galduko. Inondik ere. «Ezkontzara berandu iritsiko naizela abisatu dut. Urritik hona Igande goizetan jokatu izan ditugu partidak, eta orain sekulako ilusioa egiten du finala jokatzeak» .

############

############

Txapelketa datuetan

27 talde. Aurreko urteetan baino talde gehiago lehiatu dira aurten Altzako txapelketan. Hori dela-eta, talde guztiak ohi bezala bi multzotan banatu beharrean hirutan banatu zituzten.

Pitxitxi-aren bila. Bar Monchi-Fontaneria Pizarroko Igor Barrasak eta Maritxuko Aitor Lopezek sartu dituzte gol gehien oraingoz : 37. Barrasak finalean golik sartuz gero, golegile nagusia izango da.

############

############

«Txapelketa osteko afarian erabakitzen dugu jarraitu ala ez»

JOSE MANUEL ZALDUA ðBar Monchi taldeko entrenatzailea

r. perez

Jose Manuel Zaldua oletarra Bar Monchi taldeko entrenatzailea da aspalditik.

Seigarren urtez jarraian jokatuko duzue finala. Aspertuta?

Ezta pentsatu ere. Irabazteak ez du inor aspertzen. Egia da azken sei urteotan finalerako sailkatu garela, baina egia da era berean aurretik bakarrik Kopa bat irabazia genuela. Esan nahi dudana da irabazten ez genuenean ere ez genuela txapelketan kale egiten.

Betiko jokalariei eustea al da arrakastaren gakoa?

Zahartzen goaz. Iaz, esate baterako, batez besteko adina 37 urte zen. Horrela jarraitzea zaila da, larunbatetan seme-alabekin eta hara eta hona ibili behar baitugu.

Egunen batean taldea bertan behera utziko duzuela esan nahi duzu, ezta?

Urtero txapelketa bukatutakoan afaria egiten dugu eta une horretan erabakitzen dugu hurrengo urtean jarraitu edo ez. Hori egin izan dugu azken urteotan, txapeldun izan garen urteotan eta baita aurreko urteetan ere. Datorren urteari begira zer? Nik uste jarraituko dugula.

Zein da entrenatzailearen lana horrelako txapelketa batean?

Piska bat zuzendu eta aldaketak egin; ez dugu entrenamendurik egiten. Politena da azken batean koadrilarekin zaudela, gure artean oso gertuko harremana dago. Taldeko zazpi kidek, adibidez, toki berean lan egiten dugu.

Aulkian zaudela ez al duzu jokatzeko gogorik izaten?

Ez pentsa. Gainera, jokatu izan dut. Lehen urteetan jokatzen nuen eta iaz eta duela bi urte atezain aritu nintzen.

Zer nabarmenduko zenuke Altzako Txapelketaz?

Duela urte batzuk orain baino talde on gehiago zegoen.Esango nuke mailak zertxobait behera egin duela. Hala ere, maitasuna hartu diogu txapelketari.

Larunbatean zer?

Ez dakit. Partida bakarra izanik edozer gauza gerta daiteke, egun txarra izan dezakegu. Iaz irabazi genien, baina ozta-ozta.

############

Agenda

Erakusketa

'Donostiari begira'
DONOSTIA, Historiaren Etxea, Motako Gaztelua (Urgull) - 2008-01-08

Ekitaldi guztiak ikusi »

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.