
Herrera pasealekua moztuta dago obrengatik. Autobusek Buenavistan barrena egin behar dituzte sartu-irtenak eta ondorioz, ohi baino luzeagoa da bidea.
Buenavistatik, ezinbestean
raul perez
Goizeko bederatziak eta hogeita hamazazpi minutu dira eta 13. lineako autobusa abiatzear da Larratxoko geltokitik, Erdialderantz. Bidaiariak igo dira, tartean udalekuetako haur koadrila bat. Gehientsuenek maiz hartzen dute autobusa eta beraz, badakite ohi baino luzeagoa izango dela bidaia. Herrera pasealekua moztuta dago obrengatik, eta hori dela-eta, Altzatik igarotzen diren autobus guztiek Buenavista joan behar dute, Erdialderako bidea hartzeko.
Bidearen lehen zatian ez dago aldaketarik. Autobusak gora egiten du kaskorantz. Handik, Arrizarrera, baina hara iritsita Herrera pasealekurantz jo beharrean, Buenavistarantz abiatzen da, sigi-saga. Goizeko entzierroaz ari dira hitz eta pitz bi gizonezko. Buenavistara iritsitakoan, ilara dago. «Iritsi al gara?», bota dio udalekuko haur batek begiraleari. «Ez, oraindik ez, Saguesera goaz-eta», erantzuna.
Buenavistako semaforoa berde jarrita hartu du Erdialderarako bidea autobusak. Altzako kaleetan eta maldetan 10 minutu luze joan dira . Ategorrietan, gidari aldaketa. Azkar egiten dute baina, eta ia ez da nabaritu ere egin. Bulebarreraino ez dago zirkulazio handirik, eta 10:02an iritsi da autobusa azken geltokira.
«Are luzeagoa»
Bidaiarien artean denetik dago. Batzuek bide aldaketa asko nabaritzen dela diote. Beste batzuei, aldiz, eguneroko estresak jota ez dabiltzanei, ez die horrenbeste axola.
Angela Justok, esate baterako, ibilbide aldaketa asko nabaritzen dela dio. «Berandu iristen da autobusa, eta hori horrela azken geltokian ohi baino denbora gutxiago izaten da; azkar ateratzen da atzerapena gutxitu nahian».
«Berez, Altza eta Erdialdea arteko bidea luzea da, eta Buenavistatik joanda, are luzeagoa da», esan du Cristina Alonsok. Jose Juan Izargarai iritzi berekoa da. «Nekagarria da. Buenavistan ere obretan daude, eta autoak ez ezik, autobus guztiak ere handik pasatzen direnez, ilarak izaten dira. Herrerako lanak? Batek daki noiz bukatuko dituzten!». «Lehengoan, autobusa Groseko Nafarroa hiribideko geltokian hartu eta 40 minutu behar izan nituen Altzara iristeko», kontatu du Arantza Fernandezek
Pedro eta Mari Carmen, aldiz, ez dabiltza batere kezkatuta. «Egia da zertxobait nabaritzen dela, eta festetan are nabariagoa izan zela ibilbide aldaketa. Gu, dena dela, ordutegiren pean ez gaude, eta ondorioz ez digu gehiegi kezkatzen».
Batzuek eta besteek, beste hilabetez egin beharko dituzte joan etorriak Buenavistan. Dbusek jarritako oharraren arabera, abuztuaren 8a arte autobusek ez dute ohiko bidea berreskuratuko.
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.