
Mikel Alonsoren kontratua haustea adostu du Realak
Futbola
Epaitegietan bildu dira bi aldeak eta klubak jokalariari zor dion urtea ordaintzea adostu dute.
erredakzioa
Garrantzi handiko bi hitzordu izan zituen atzo Iñaki Badiola Realeko presidenteak Donostiako epaitegietan. Due Diligencea eta Mikel Alonsoren kontratua izan ziren argitu beharreko kontuak.
12:00etan hasita, ordubetez bildu ziren Realeko arduradunak eta Mikel Alonsoren aldekoak. Akordio batera iritsi ziren bi aldeak Lan Arloko hirugarren zenbakiko epaitegian. Adostutakoaren ondorioz, Realak eta jokalariak bertan behera utzi dute jokalariak Realarekin zuen kontratua eta urtebeteko kontratua ordainduko dio klubak Alonsori.
Alonso, Periko bere aitarekin, Iñaki Ibañez ordezkariarekin eta abokatuarekin joan zen epaitegietara. Badiolak, berriz, Luis Maria Antoñana administrazio kontseiluko kontseilaria, bi administratzaile, Loren eta abokatua izan zituen lagun.
Oso egoera desatsegina izan zela esan zuen jokalariak. «Akordioa ona izan da eta orain aurrera begira nago», adierazi zuen. Antoñanak ere akordioa onena zela adierazi zuen eta arazoaren oinarria kirol jatorrikoa zela aipatu zuen.
Jokalariak kluba salatu zuen langile gisa zituen eskubideak urratu zizkiola argudiatuz. Alonsok bi eskakizun egin zituen. Batetik, kontratua bertan behera uztea eta bestetik, geratzen zitzaizkion bi urteak ordaintzea.
Due Diligence
Jokalariaren kontua argitu aurretik, 11:00etan, Due Diligencearen kopia bat aurkeztu behar izan zion Badiolak Klubeko presidente ohien abokatuari.
Epailearen aginduz, dagoeneko, Juan Larzabal, Miguel Angel Fuentes eta Maria de la Peña presidente ohien eskuetan dago dokumentua. Gainera, Realeko Administrazio Kontseiluak bere akziodunen eskura jarri du Due Diligencea.
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.