Edukira joan

Irutxuloko Hitza

Altza
2009ko urtarrilak 9, Ostirala

;2008-11-19; FUTBOLOGIA. Gerra ekonomia. XABIER ETXANIZ ROJO. Idazlea

Gerra ekonomia

Futbologia

Xabier Etxaniz Rojo

Idazlea

Krisiak gure patrikak jipoitzen dituen garai ilunotan, Realak gerra ekonomia zelairatzea erabaki du. Ez dakigu nork aginduta (Badiolak?, administratzaileek?, Vocentok?, epaileak?...) baina Lillok, zeinak azkar arraio harrapatu duen mezua, gerra ekonomia zelaira jaitsarazi du, zer gerta ere. Bai, jaun-andreok, horixe dugu joko-sistema berria, gerra ekonomia futbolari aplikatuta, lau-lau-bi, lau-bat-lau-bat, zazpi-bi-bat eta erronbo guztiak ordezkatzera datorrena.

Ideia sinplea da eta hitz bakar batean oinarritzen da: eutsi. Eutsi behar da, nola edo hala, eutsi. Hegazkinak bonbak jaurti eta jaurti ari direla? Burua kaskoan gorde eta eutsi. Etsai guztiek batera erasotzen digutela? Lubakian sartu eta eutsi. Saguek janaria lapurtu nahi digutela? Hortzak estutu, erakutsi, eta eutsi. Kontua udaberrira bizirik iristea baita. Martxoan hilik dagoenak hilik jarraituko du ekainean, eta horixe da ekidin behar duguna. Abenduan elurra botako du, bai, baina, ai ene! martxoko eguzkiak urtuko du, eta maiatzean lili ederrak sortuko dira gure belazeetan. Baina liliak ikusi ahal izateko martxora iritsi beharra dago. Eta gerra garaian irauteko modurik onena ez xahutzea denez, horretara dedikatzen dira gure jokalariak.

Bai, lagunok, bukatu dira alferrikako gastuak. Amaitu da joko onaren txorrota neurrigabeki zabaltzea. Hemendik aurrera joko eskasaz dutxatuko gara, ziztuan gainera. Gola, altxor preziatua izaki, ahalik eta gutxien erabiliko dugu, eta ondo baino hobeto kudeatuko dugu. Etxean bat eta huts. Kanpoan husna. Eta talentua... talentua tantaka erabiliko dugu, bizpahiru partidako.

Alarderik gabe, sistema arrarorik gabe, beste munduko ezer egin gabe, joko onik egin gabe. Xahutu gabe. Gerra ekonomia, hauxe fitxaketarik onena!

Nik ondo deritzot Lilloren erabakiari. Dagoenean egon eta ez dagoenean, egon. Iritsiko dira garai hobeak, bai, baina bitartean eutsi beharra dago.

Modu horretan soilik sortuko dira liliak gure azpian eta ez gure gainean.

############

© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.