
Anoetako Karmelo Balda frontoian entrenatzen dute hiriko zesta punta eskolako gaztetxoek. Aurten 40 ikasle inguru dabiltza 15 urte bete dituen eskolan.
Hiriko puntisten txokoa
estitxu zabala
Aurten 15 urte bete ditu Donostiako zesta punta eskolak. Urte guzti horietan, hainbat jokalari igaro dira Anoetako Karmelo Balda pilotalekutik; aurten, 40 haur eta gazte inguru dabiltza. Lasarte, Lezo, Errenteria-Orereta eta Donostiako gazteak hurbiltzen dira eskolara. Zortzi urte dituztenetik 15 urte ingurura bitarte aritzen dira jokatzen. Ander Vitoria (Altza, 1970) eta Mikel Egiguren (Aiete, 1977) dira eskolako entrenatzaileetako bi. «Donostian afizioa badagoela uste dut, harrobi oso ona dago», aipatu du Egigurenek. Lehen, helburua Ameriketan jokatzea izaten zela azaldu du Egigurenek, «orain gazteek ikasketekin jarraitu nahi dute. Jokatzen jarraitu nahi dutenek afizionatu mailan egiten dute».
Astean bi egunetan, hiru taldeen entrenamenduak bideratzeaz arduratzen da Vitoria. Egigurenek, berriz, teknifikazio klaseak ematen ditu astean behin. AEBetan puntista profesional bezala bederatzi urte eman ditu Egigurenek; aurten itzuli da Donostiara, bertan geratzeko asmoarekin. Ameriketara joan aurretik, Baldan aritu zen entrenatzaile, orain berriz ekin dio lanari. Donostian ez ezik, Hondarribia eta Tolosako eskoletan ere aritzen da. Vitoria ere profesionaletan aritutakoa da, baina dagoeneko zazpi urte daramatza hiriko eskolan.
Mexikon bizitzen egon zen Altzako puntista ohia, «Tijuanan sei urte eman nituen profesionaletan jokatzen, baina gero bost urtez jokatzeari utzi nion. Duela 10 urte itzuli nintzen Donostiara». Afizionatuetan jokatzen aritu da entrenatzailea, baina lan kontuak direla eta orain jokatzeari utzi dio. «Gauez lan egiten dut eta jokatzeko nekatua nago. Entrenatzaile bezala gustura nabil».
Afizionatuetan jarraipena
Larunbatetan eta igandeetan hirugarren entrenatzaile batekin aritzen dira gaztetxoak. Hala ere, guztiak ez dira egunero joaten entrenatzera.«Txikienak askotan kirol batean baino gehiagotan aritzen dira eta ez dute guztiarentzako denbora izaten», aipatu du Vitoriak. Gazteenak hobeto portatzen direla diote entrenatzaileek. «Posturak segituan hartzen dituzte eta oso polita da nola jokatzen duten ikustea», azaldu du Egigurenek.
Udaran hainbat ikastaro antolatzen dituzte Baldan. Kirola probatu eta gustuko dutenek kurtsoan jarraitzen dute entrenatzaileen hitzetan. «Ikastolako oporrak dituztenean, gurasoek kirol bat baino gehiago egitera eramaten dituzte haurrak, haurtzaindegi modura erabiltzen dute». Hala, argi dute entrenatzaileek kurtsoan jarraitzen dutenak gustura egiten dutela. Hala ere, Egigurenen esanetan, ahoz ahokoa da gazteak kirolera hurbiltzeko gehien funtzionatzen duena. «Lagun batek bestea erakartzen du eskolara». Azken urteetan eskolan ibilitako sei lagun inguru orain afizionatuetan jokatzen ari dira. Afizionatu mailan txapelketa asko daudela azaldu dute entrenatzaileek: Euskal Liga, Gipuzkoako Txapelketa, Espainiako Txapelketa eta baita txapelketa ezagun asko ere, Gasteizkoa, Donostikoa, Biarritzekoa eta Nazioartekoa. «Gogoa duenak badauka jokatzeko aukera», azaldu du Egigurenek.
############
«Donostian afizioa badagoela uste dut, harrobi oso ona dago»
mikel egiguren
Entrenatzailea eta puntista
«Gauez lan egiten dut eta jokatzeko nekatua nabil. Entrenatzaile bezala gustura nabil»
ander vitoria
Entrenatzailea eta puntista ohia
############
############
«Jokatzen hasi aurretik, telebistatik ezagutzen nuen zesta punta»
aratz garcia ðPuntista
Zesta Punta
Duela bi urte hasi zen Baldako eskolan jokatzen, zortzi urterekin.
Aratz Garcia (Parte Zaharra, 1997) da Donostiako zesta punta eskolako ikasleetako bat. Astean lau egunetan joaten da entrenatzera eta kirola asko gustatzen zaiola dio.
Noiz hasi zinen zesta eskolan?
Orain dela bi urte, 8 urterekin, nire urtebetetzea baino egun bat lehenago. Udaran aspertua nengoen eta ikastaro bat egin nuen. Kirola gustatu zitzaidan eta jarraitzea erabaki nuen. Jokatzen hasi aurretik, kirola telebistan ikusteaz ezagutzen nuen.
Gustura zabiltza?
Bai, oso gustura. Iaz Lasarten txapelketa batean parte hartu nuen, udarako topaketa izan zen. Mutrikuko jaietan ere jokatu nuen.
Egun askotan entrenatzen duzue ?
Bai, lau egunetan etortzen naiz. Asteburu batzutan kosta egiten zait etortzea. Larunbatetan eta igandetan 09:00etarako frontoian egon behar izaten dugu. Baina gustatzen zait jokatzera etortzea.
Orain txapelketaren bat jokatzen ari zara?
Topaketa bat jokatzen ari gara elkar ezagutzeko. Hortik txapelketa jokatzera pasako gara.
############
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.