
Donostiak Europako Kultur Hiriburua izan nahi du 2016. urtean. Hautagaitza prestatzeko, Udala izendapen hori jaso duten atzerriko bost hiritako ordezkariekin bilduko da gaur.
Gipuzkoakoaz gain, Europakoa
aritz sorzabal
Donostiak Europako Kultur Hiriburua izan nahi du 2016. urtean. Helburu horrekin, hautagaitza behar bezala prestatzeko, Udalak datozen urteetan izendapen hori jasoko duten edo dagoeneko Europako Kultur Hiriburu izan diren zenbait herritako ordezkariak gonbidatu ditu. Avignon, Luxenburgo, Santiago, Linz eta Graz hirietatik etorritako herritarrak arituko dira gaur, goizez eta arratsaldez, Udalbatza Aretoan hizketan.
Euren esperientziari eta etxean dituzten aberastasunei buruz mintzatuko dira. Donostiak eredu gisa hartuko dituenez, goazen hiri horiek banan-banan ezagutzera.
Luxenburgo
Europako Kultur Hiriburu bi aldiz izan den hiri bakarra da, 1995. urtean eta iaz izendapen hori jaso baitzuen. 86.000 biztanle ditu eta Dukerri Handiko banku eta administrazio gunea da. Zerbitzuetako hiria da. Munduan, bizitza mailari dagokionez, bosgarren hiri bezala sailkatuta dago. 1994. urtean, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen bere ondasun historiko eta arkitektonikoari esker.
Hiriburutasuna errepikatzea sekulako erronka izan zen Luxenburgorentzat. Horregatik, kultur egitarauak Estatuaren mugak gainditu zituen. Hala, ospakizunak Holanda, Belgika, Lorraineko zonaldea Frantzian eta Alemaniako Rhineland-Paltinate eta Saarland eskualdeetara hedatu ziren. 5.000 ikuskizun baino gehiago egin ziren eta aurrekontu osoa 48 milioi euro ingurukoa izan zen.
Santiago
«Europa eta Mundua» lelopean, Santiago de Compostela Europako Kultur Hiriburua 2000. urtean izan zen. Galiziako hiriburua da: administratiboa eta historikoa. Era berean, Europako unibertsitate zaharrenetakoarekin, hezkuntza gune garrantzitsua da.
Unescok 1985. urtean Gizateriaren Ondasun izendatutako hiri hau Santiago bideko erromesentzat helmuga da. Pisu historiko eta erlijioso nabarmena du, baita kultur nortasun handia ere. Donejakue Urteko egoitza izan da 1993, 1999 eta 2004. urteetan.
2000. urtean antolatutako ekimenei dagokienez, antzerkia, zinea, ikus-entzunezko arteak, hitzaldiak eta kaleko ikuskizunak egin zituzten. Udako hilabeteetan antolatu zituzten gehienbat. Guztira, 1.200 ikuskizunetik gora egin zituzten, eta 30 milioi euroko aurrekontua baliatu zuten.
Kultur Hiriburu izateak espazio publikoen garapen handia ekarri zuen, bereziki espazio berdeen berriztapena eta garraio publikoari emandako bultzadagatik.
Avignon
Avignon Europako Kultur Hiriburua 2000. urtean izan zen, Santiagorekin batera. Ondare arkitektoniko garrantzitsua du, Aita Santuaren Jauregia izateaz gain, harresiz inguratuta baitago. Kultura alorrean ere ezaguna da, batipat Avignon hiriko jaialdia dela-eta.
Kokapen geografiko estrategikoa du, Estatu frantseseko hego ekialdean baitago: autopista garrantzitsuenak bertan gurutatzen dira eta Paris eta Avignon 2 ordu eta 40 minutuko bidaian lotzen dituen Abiadura Handiko Trena ere badu. 100.000 biztanle baino gutxiago ditu.
2000. urtean garatutako egitarauari dagokionez, «Avignon, etengabeko ikuskizuna» lelopean, antzerkia, dantza, opera, ikus-entzunezko arteak, literatura, arkitektura, zinea, diseinua, moda, musika eta artisautza alorrekin zerikusia zuten ekimenak antolatu zituzten. Aurrekontua 21 milioi eurokoa izan zen, 200.000 bisitari erakarri zituen «La Beauté» erakusketaren antolakuntza kontutan hartu gabe.
Ekimenak eraikin historikoak berritzeko eta garraioari bultzada emateko balio izan zuen.
Graz
Austriako hego ekialdean dagoen hiri hau 2003. urtean jaso zuen hiriburutzaren izendapena. Estiria Estatuko hiriburua da eta Austriako bigarren hiria da, 250.099 biztanleekin. 1999. urtean, Unescok Gizateriaren Ondare izendatu zuen: Erdi Aroko kaskoa du, baita arkitektura modernoa ere.
Kultur tradizio luzea duen hiria da, bere lau unibertsitateekin Estatuko hezkuntza gune nagusienenetakoa baita. Kultur jarduera bizia du, antzoki, museo, arte galeria eta ekoizpen artistiko independienteko azpiegitura sare garrantzitsu batean oinarrituta.
«Kultura artea baino gehiago» filosofiapean, Grazeko biztanle guztiak 2003. urteko hiriburutza proiektuan inplikatzea bilatu zuten. Ikus-entzunezko arteak, musika, arkitektura eta antzerkia izan ziren nagusi egitarauan. Ehun proiektu baino gehiago eta banakako 6.000 ekimen egin zituzten.
Hiriburutzak uhartean eta Mur ibaian inbertitzeko balio izan zuen, ingurune hori hobetzeko, alegia. Era berean, 2003. eraikitako Arte Modernoaren Museoaren irekiera ekarri zuen. Aurrekontu osoa 59 milioi eurokoa izan zen.
Linz
Lituaniako hiriburu Vilniusekin batera, Austriako hiri hau Europako Kultur Hiriburua izango da datorren urtean. Kultur arloan pisu handia du, eta bertan tradizioa eta abangoardia nahasten dira.
Linzek 190.000 biztanle inguru ditu. Goi Austriako hiriburua da eta Vienatik ordu erdira dago.
65 milio euroko aurrekontua aurreikusia du hiriburutzarako: 60 milio, Austriako gordailu publikotik lortuta; eta 5 milio, Europako Batasuneko kutxatik.
Musika, antzerkia, ikus-etzunezko artea, zinea eta ideia berritzaileak jorratuko dituzte.
© Donostiako Hedabideak, S.L. - Katalina Eleizegi 36 behekoa - DONOSTIA - Tel.: 943 46 72 36
Faxa: 943 44 65 32 - E-posta: donostia@irutxulokohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Donostiako Hedabideak, S.L.ko kideak: Bagera
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Donostiako Berriak Kultur Elkartea: 40 gizarte eragile.